Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute, kazetari izango direnak euskaraz trebatzea sustatzeko
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute, kazetari izango direnak euskaraz trebatzea sustatzeko
Nafarroako Gobernuak 10.000 euro jarriko ditu Komunikazio Fakultateko ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, kazetari izango direnak euskaraz trebatzea sustatzeko. Hitzarmena sinatu dute Euskarabideako zuzendari gerenteak, Xabier Azanza Arbizuk; Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko dekanoak, Monica Herrero Subiasek; eta Empresa Universidad de Navarra Fundazioko zuzendari gerenteak, Francisco Javier Ortega Olmok.
Hitzarmenaren asmoa da unibertsitateko ikasleen prestakuntza hobetzea eta zabaltzea, edukiak euskaraz ematen dituzten hedabideetan praktikak egin ditzaten sustatuz. Euskarazko praktika horiek egin ditzakete Komunikazio Fakultateko lizentziatura hauetako hirugarren eta laugarren mailako ikasleek: Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, eta Publizitatea eta Harreman Publikoak. Hitzarmenaren beste helburu bat da euskaraz dakiten profesional gehiago jartzea euskara baliatzen duten hedabideen eskura.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea medio, 10.000 euro jarriko ditu aurten. Praktikak Enpresa Universidad de Navarra Fundazioak gestionatuko ditu. Fundazio hori sustatzen dute Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta Nafarroako Unibertsitateak, enpresen eta unibertsitatearen arteko harremanetarako tresna gisa.
Hitzarmena urte beterako da eta, ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, segimendu batzorde bat osatuko dute. Batzordeko burua Euskarabideako zuzendari gerentea izango da eta gainerako kideak Euskara Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Euskarabideako Euskararen Sustapen ataleko burua (idazkari gisa), eta Komunikazio Fakultateak eta Empresa Universidad de Navarra Fundazioak izendatutako lagun bana.
Hitzarmenaren xedea bat dator Euskararen Foru Legean ezarritako helburu batekin, Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskara erabiltzea sustatzearekin, alegia. Horren harian, eskualde hizkuntzen eta gutxiagotutako hizkuntzen Europako Gutunak dio, 11. artikuluan, administrazio publikoek babestu egin behar dutela eskualde hizkuntzak edo gutxiagotutako hizkuntzak baliatzen dituzten hedabideetarako kazetariak eta gainerako profesionalak trebatzea.
Nafarroako Unibertsitatea, bere aldetik, 1965an hasi zen euskaraz irakastea eta ikertzea bultzatzen, Euskal Hizkuntza eta Kulturaren Katedra sortzearekin bat. Unibertsitateak ikasketa guztietako ikasleentzako hainbat ekimen antolatzen ditu urtero, bi arlotan: batetik, hizkuntzaren arloan; eta bestetik kulturaren arloan (etnologia eta etnografia). Komunikazioarekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, Euskarazko Kazetaritzaren Jardunaldiak dira garrantzitsuenak; jardunaldi horietan hainbat hedabidetako ordezkarik parte hartzen dute.
Versión de la noticia en español